Botón de inicio
eu | es
Logotipo OPE 2011 Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Enplegu Publikoko
Eskaintzen gaineko Informazio orokorra eta pertsonalizatua

Sarrera

Inprimatu

  • ERABAKIA, 2011ko maiatzaren 9koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, entitate publikoaren 2011ko lan-eskaintza publikoa onesten duena.


    Administrazio Kontseiluak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz hartu du erabaki hau eta, oro har, erakunde publiko horretako langileentzat ezarritako arauak betez, hau da, ondokoak kontuan hartuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legea, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37 artikulua, non negoziazio kolektiboko gaien artean sartzen baitira lan-eskaintza publikoetako irizpide orokorrak.

    Osasun sektoreko Mahaiak 2010eko lehenengo seihilekoan ekin zion lan-eskaintza publiko berri bat onartzeko prozesu negoziatzaileari. Prozesu hori, Osasun sektorearen Mahaiak 2010 eta 2011n egindako bilkuretan garatu da, baina azkenean ez dute inolako akordiorik lortu Administrazioak eta sindikatuek.

    Adierazitakoaren arabera, zuzendari nagusiak proposatuta, eta erakunde publikoaren estatutuetako 8.5.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak hauxe erabaki du:

    ERABAKIA:

    • Lehenengoa.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikorako deialdia egitea erabaki da.

      Hautaketa-prozesua oposizio-lehiaketa sistemaren bidez egingo da. Hautaketa-prozesua arautu behar duten oinarri orokorretan eta deialdien oinarri espezifikoetan zehaztuko da zer prozedura erabiliko den eta zer baldintza bete beharko diren eskainitako plazak eskuratzeko.

      Erabaki honek behar besteko bideragarritasun juridikoa lortu orduko kudeatzen hasiko dira hautaketa-prozesuei hasiera emateko jarduerak. Orduantxe kudeatuko da, baita ere, erabakia garatzeko ematen diren oinarri orokorrak biltzen dituen ebazpena.

    • Bigarrena.–

      Honakoak dira 2011ko deialdian sartuko diren lanpostuak zehazteko irizpideak:

      • 1. 2011ko lekualdatze-lehiaketa bukaturik, esleitu gabe geratzen diren postuak, bai eta esleipena jasotakoek hutsik uzten dituztenak ere.

      • 2. Bitarteko langileek betetzen dituztenak, bai eta administrazio-kontratadunenak ere, baldin eta Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legearen hirugarren xedapen iraunkorrean jasota badaude eta finkatzekoak ez badira, dagokion sarbidean aurreikusitakoaren arabera.

      • 3. Erretiro edo heriotza-bajen ondorioz sisteman hutsik gelditutako lanpostuak, bai eta edozein arrazoirengatik 2011ko abenduaren 31ra arte sor litezkeenak ere.

      • 4. Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 31 arte onetsitako destino berriak.

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren deialdietan zehaztuko da zein kategoriari buruzkoa izango den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2011rako lan-eskaintza publikorako deialdia.

    • Hirugarrena.–

      Era berean, eta deialdi honen kudeaketa ahalik eta zabal, garden eta bizkorrena izan dadin, gogoratzekoa da barne-sustapeneko txandan edo txanda librean plaza lortzeagatik kategoria aldatu duten langileek edo txanda librean kategoria bereko plaza aldatu dutenek hutsik utzitako lanpostuak behin eta batera erantsiko zaizkiela txanda libreko hautagaiei eskaini beharreko plazei. Bestalde, lanpostua lortu duten hautagaiek lanpostua jabetzan hartu bai baina sektore publikoan zerbitzuak eskaintzen aritzeagatik eszedentzian daudelako edo borondatezko eszedentzian daudelako lanean benetan hasi ez badira, lanpostu horiek hutsik geldituko dira; baita plazari uko egindako lanpostuak ere. Horiek guztiek behin eta batera gehituko dituzte hautapenean eskainitako plazak, hautapeneko lehenengo fasea bukatu ondoren.

    • Laugarrena.–

      Irizpide hauen arabera eta erabaki honen datan aurreikusitako lanpostuen kopurua 2.600ekoa da gutxi gorabehera. Eskainitako destinoen behin betiko zerrenda, lanpostu-kopurua zein lanpostuen identifikazioa, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortu duten puntuazioaren arabera, argitaratu aurretik argitaratu beharko da.

    • Bosgarrena.–

      Lan-eskaintza publiko hau lehiaketa-oposizio sistemaren bidez gauzatuko da. 100 puntu emango zaizkio oposizio-aldiari eta 80 lehiaketa-aldiari, oinarri orokorretan eta deialdi bakoitzean ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskararen erabilera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak ezarritakoa betez. Edonola ere, gutxienez 50 puntu lortu beharko dira oposizio-aldian. Prozesu honen ondoriozko jarduera guztietan publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, ahalik eta gardentasunik handienarekin.

    • Seigarrena.–

      Osakidetzako langileen garapen profesionala ahalbidetzeko eta indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz, barne-sustapeneko txanda bat ezarri da, langile finkoek lanbide-kategoria eta espezialitatea aldatzeko aukera izan dezaten.

    • Zazpigarrena

      Bestalde, barne-sustapenean nahiz txanda librean, deialdi honetan ateratako lanpostuen ehuneko bost ehuneko 33ko edo hortik gorako urritasuna duen jendeak betetzeko gordeko da. Lanpostu horiek betetzeko, hautaprobak gainditu beharko dira eta adierazitako urritasun-maila eta dagozkion lan eta zereginak egiteko bateraezintasunik ez izatea egiaztatu beharko da. Aipatutako kopurua deialdiko lanbide-kategoria bakoitzean aplikatuko da. Eskainitako kategoriako lanpostuak hogei baino gutxiago badira, gordetako portzentajearen kopurua lanbide-talde oso kontuan hartuta doituko da. Desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako plazak, barne-sustapen bidez bete ezean, txanda libreko desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako kupoari erantsiko zaizkio.

    • Zortzigarrena.–

      Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko hirugarren xedapen iragankorra aplikatuko zaie Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea indarrean jarri zenean bitarteko funtzionarioak edo administrazio-kontratudunak ziren langileei, lege horrek adierazitako moduan, eta baita Auzitegi Gorenak 2005eko apirilaren 16an emandako 888/2002 Epaia aplikatu behar zaien langileei ere, hau da, lege hori indarrean jarri zenean edozein lan-harreman motarekin eta deialdi honetara arte etenik gabe lanpostuan jarraitu duten langileei.

      Oposizio-aldia gainditzen ez duten langileek betetako lanpostuak, Antolamendu Sanitarioaren Legeko hirugarren xedapen iragankorrak aurreikusitakoaren arabera, sarrera-molde horretarako ezarritako araubidea aplikatuta, hutsik geldituko dira, eta esleitu beharreko behin betiko zerrendan eskainiko dira. Beraz, hautagaiek aukera ditzaketen plazak gehitu egingo dira, bai barne-sustapeneko txandakoentzat eta, hala badagokio, baita txanda librekoentzat ere.Lanpostu horiek utziko dira esleipendun egokiak lanpostuez jabetzen direnean, hautaketa-prozedurako faseetarik edozeinetan.

    • Bederatzigarrena.–

      Hautaketa-prozesuak garatzeko jardueren kudeaketa, oinarri orokorrek eta lehiaketa-oposizioko deialdi bakoitzaren oinarri bereziek ezarritakoaren arabera egingo da.

      Osakidetza-Euskal osasun zuzendaritzako Zuzendaritza Nagusiak kudeatu beharko du dagokien hautaketa-prozesuetako deialdia. Kudeaketa-gomendio horren barruan, hautaketa-prozesua arautu behar duten oinarri orokorrak eta deialdien oinarri bereziak prestatu, izapidetu eta ematea daude sartuta, bai eta deialdiko lanpostuak zehaztea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, deialdiak ebaztea eta destinoak esleitzea ere.

    • Hamargarrena.–

      Oposizio-aldia garatzeko kategoria bakoitzaren oinarri bereziekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak honako alternatiba hauek ezarri ahal izango ditu: gai-zerrenda edo eskuliburua (gai-zerrenda garatzen duena).

    • Hamaikagarrena.–

      Oposizio-aldiko probetan, aukeratzeko erantzunak dituzten galdetegiak badaude, zigortu egingo dira gaizki emandako erantzunak; horretarako, formula hau aplikatuko da: puntuazioa erantzun zuzenen kopuruaren berdina da, ken gaizki erantzundakoen herena. Horretarako, erantzun gabeko galderak ez dira errakuntzatzat hartuko.

    • Hamabigarrena.–

      Deitutako kategorian sartzeko eskatzen den espezialista-titulua eskuratzeko titulazio akademikoa arauzko eskakizun berrietara egokitu eta homologatu beharra duten Erizaintzako langileen parte-hartzea errazteko, eskatutako titulazioaren egiaztapena destinoa aukeratzeko unean egingo da, betiere hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezterako unean titulaziorako eskatzen ziren baldintza guztiak betetzen baziren eta homologazio horretarako deialdirik indarrean bada.

      Zentzu berean, hizkuntza-eskakizunaren egiaztapena (eskakizun hori duten plazetarako) destinoa aukeratzeko unean egingo da. Merezimendu gisa baloratzeko denean, ordea, hautagaiek lehiaketa-aldiko baremazioa egiteko agiriak aurkezteko unean formalizatu beharko da beranduenera ere.

    • Hamahirugarrena.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lotura finkorik gabe zerbitzuak eskaini dituzten hautagaiei, gaur egun ezin baldin badute kategoria horietako postutarako lehian sartu arautegia aldatu izanagatik kategoria desagertu delako edo orain eskatzen den titulazioa ez daukatelako, bete duten lanpostuan pilatutako antzinatasuna baloratuko zaie, baina lanbide-talde bereko edo beheragoko prozeduretan eta behin bekarrik. Hautagaiak berak erabakiko du, titulazio nahikoa duen zein prozeduretan nahi duen antzinatasuna baloratzea. % 75eko portzentajearen araberako balorazioa emango zaio. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak ofizioz egingo du zerbitzu-lotura, baldin eta hautaketa-prozesu honetan hautagaiek kategoria bakar batean parte hartzen badute.

    • Hamalaugarrena.–

      Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Erizaintzako Laguntzaile kategoriako erizaintzako laguntzaile plaza daukaten langileek, 1984ko ekainaren 14ko Agindua indarrean jarri zenean osasun-arloko teknikari espezialista lanetan jardun baziren, eskabideak aurkezteko azken egunean dagokien espezialitateko Osasun arloko Teknikari Espezialista titulazioa baldin badaukate, eta plaza lortzen badute, gaur egun betetzen ari diren plaza eta destinoan jarraitu eta lanbide-kategoria berria finkatzeko aukera daukate.

      Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Erizaintza kategorian langile finko izendatutako langileek dauden plazan eta destinoan jarraitu ahal izango dute, lanbide-kategoria berria finkatuz. Horretarako, Osasun Mentaleko Erizain kategoriarako deialdia egiten denean, Osasun Mentaleko Erizaintza espezialistaren titulazioa izan beharko dute eta Osasun Mentaleko plazan ari badira.

    • Hamabosgarrena.–

      Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek.

      Bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

    Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 9a.
    Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
    JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERΝA.




Informazio legala

  • © 2011. Osakidetza - EPE 2011